MUGIMENDUA
AISETASUNA
ASKATASUNA
LASAITASUNA
SOSEGUA
BARETASUNA
ZIURTASUNA, KONFIANTZA
DOITASUNA
OSOTASUNA, KOORDINAZIOA, OREKA
ARINTASUNA
KOMUNIKAZIOA
ADIERAZPENA

ZER DA ALEXANDER TEKNIKA?

Alexander Teknika berreziketarako metodo bat da; eguneroko ekintzetan gorputza eta burua gogamena nola erabiltzen ditugun ohartzeko ahalmena garatzen du, ohitura psikofisik0 kaltegarriak alde batera uzteko eta gorputzaren erabilera natural, libre eta osasungarria berreskuratzeko.

Alexander Teknika ez da terapia bat, hezkuntza alorreko diziplina bat baizik, XX. mendearen hasieran sortua; ehun urte baino gehiagoko ibilbidea eta onarpen zientifikoa ditu.

Alexander Teknikaren onurak

  • Giharre eta hezurdurako nahasteak saihestea eta arintzea (bizkarreko mina, tendinitisa, eta abar), eta osasunaren beste alde batzuk hobetzea, besteak beste arnasa hartzeko zailtasunak edo ahotsaren disfuntzioak.
  • Gorputzaren eta psikearen arteko kontzientzia gehitzea, norberaren burua ezagutuz eta norberaren hautemate fidagarria lortuz.
  • Koordinazioa hobetzea, eta orobat oreka, gorputz-jarrera, arintasuna, mugimenduen askatasuna eta keinuen zehaztasuna.
  • Jarrera zentratu eta irekia izaten laguntzea.
  • Arreta hobetzea, eta orobat presentzia eta konfiantza.
  • Estresa eta nekea arintzea, sosegua eta bizitasuna emanez.
  • Sormena indartzea, eta orobat garapen pertsonal eta artistikoa.

Mugitzeko moduak, hartzen ditugun gorputz-jarretak edo eguneroko estimuluei erantzuteko moduak eragin sakona du osasunean, eta orobat bizitzako alor guztietara askatzen dugun ahalmenean.

“Dena giharren tentsio bihurtzen duzu, bai alde fisikoa, bai burukoa, bai espirituala”
(F.M. Alexander)

Pentsa dezagun, adibide gisa, nola esertzen garen. Jarrera desegokiak, gure kulturan hain hedatuak, ez dira bizkarrezurrarentzat soilik kaltegarriak, gure arnasaren funtzionamendu libre eta naturalari ere eragiten diote, eta baita digestioari eta odol-zirkulazioari ere. Gainera, pertsona gehienek gorputz-jarrera berean lan egiten dute ia egun osoan. Horri gehitzen badiogu estresa, presa eta bizimodu sedentarioa, ez da harritzekoa gaurko gizartean hainbeste osasun-arazo agertzea.

“Pertsonek ez dute erabakitzen beren etorkizuna; beren ohiturak erabakitzen dituzte, eta ohitura horiek erabakitzen dute etorkizuna”
(F.M. Alexander)

Alexander Teknikako klaseetan, ikasleak gorputza nola erabiltzen duen ohartzeko ahalmena garatzen du eta ohiturak aldatzen erakusten zaio, batik bat buruaren, lepoaren eta bizkarraren arteko lotura hobetuz, ezinbestekoa baita gorputza behar bezala erabiltzeko, erraz eta modu naturalean.

“Ezin duzu egin ezagutzen ez duzun zerbait, ezagutzen duzuna egiten jarraituz”
(F.M. Alexander)

Prozesuan zehar gorputzaren, buruaren eta emozioen oinazeak arindu daitezke. Ikaslea erosoago eta lasaiago sentitzen da lehen tentsioa eragiten zioten egoeretan, eta hobeto sentitzen da oro har. Gorputzaren eta psikearen hautematea hobetu egiten da, eta “hemen eta orain” egoteko ahalmena areagotu, atseden hartuz eta arretaz. Ohiko erreakzioez jabetzen da; orduan, gelditu egiten da, automatikoki eta tentsio gehiegirekin ez erreakzionatzeko. Modu praktiko horretan, norberaren eraikitze-kontrola hartzen da, gorputzaren eta buruaren batasuna ulertuz eta unean-unean biziz.